ZER DA ELKARREN ARTEKO LAGUNTZA?
Elkarren arteko laguntza da terapia tradizionalaren alternatiba bat. Laguntza mota honetan ez dago osasun mentaleko profesionalik (ez behintzat zuzenean inplikatuta). Bata bestea laguntzean datza, horizontaltasunetik eta berdintasunetik, terapeuta-pazientea hierarkiaren desberdintzapenik gabe.
Hainbat arrazoirengatik sortu da laguntza mota hau: osasun mentaleko kontsultetan edo zentroetan zenbait tabu-gai landu ahal ez izateagatik, profesionalekin esperientzia txarrak izateagatik edota esperientziak modu hurbilago batean partekatzeko beharragatik. Beste arrazoi garrantzitsu bat da ez direla osasun mentaleko arazoak indibidualizatu behar; hau da, osasun mentalak ez du izan behar norberak kudeatu beharreko zerbait, kontuan hartu behar baita pertsona bakoitzaren inguruak izugarrizko eragina duela bere osasun mentalean.
Elkarren arteko laguntza hainbat modutakoa izan daiteke. Informala izan daiteke, adibidez, lagunen arteko elkarrizketetan; edo modu egituratuagoan, esaterako, talde antolatuetan. Talde antolatu horiek «elkarren arteko laguntzarako taldeak» edo «ELT» deitzen dira.
Erreferentziak:
● ActivaMent (2021). Guía para los Grupos de Ayuda Mutua de Salud Mental en primera persona. https://www.activament.org/es/2021/guia-gam/
● AGIFES. Elkarrekiko laguntzako programa. 2022ko otsailaren 15ean hartua, helbide honetatik: https://www.agifes.org/eu/zerbitzuak/elkarrekiko-laguntza-programa